Euskera
logo
Hasiera

Albert Fert

Albert Fert fisikari frantziarra ezaguna da magnetorresistentzia erraldoiaren (GMR) aurkikuntzagatik 1988an, eta espintronika izenarekin ezagutzen den elektronikaren arlo berri batean egindako ikerketa aitzindariagatik. GMRa geruza anitzeko nanoegituren erresistentzia elektrikoaren beherakada nabarmena da, eremu magnetiko bat aplikatzerakoan eragindakoa. Aldi berean eta bere kabuz, Alemanian Peter Grünberg-ek ere GMRa deskubritu zuen. Biek batera Fisikako Nobel Saria jaso zuten 2007an.

GMRaren aurkikuntza espintronikaren sorreratzat hartzen da; ikerketa arlo hori elektronika mota berritzat jotzen da, elektroien karga elektronikoa ustiatzeaz gain haien magnetismoa ere (haien spina) baliatzen duena. Arlo hori garatzeko ekarpen asko Albert Fertek egin ditu. GMRak eta espintronikak aplikazio garrantzitsuak dituzte jada. Jakina da GMRzko irakurtzeko buruak disko gogorretan sartzeak izugarri handitu duela haien informazio gaitasuna. Espintronikaren beste propietate batzuk baliatzen ari dira merkatuan sartzen ari diren M-RAMetan eta osagai logiko eta memoriazkoetan.

Gaur egun, Fert irakasleak nanofisikan ikertzen jarraitzen du. Azken hamarkadan, aitzindaria izan da skyrmion izeneko kuasipartikula magnetikoak ikertzen; espintronikaren arlo berri bat da, etorkizun oparoa duena Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietarako. Egun, material topologikoen eta bi-dimentsiotako material magnetikoen fisikan zentratzen du bere interesa. Euskal Herriko zientzia zorionekoa da, izan ere, 2020ko urtarriletik Albert Fert Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Donostia International Physics Centerreko (DIPCko) ikertzailea da.

Ibilbidea eta aintzatespenak

Albert Fert Carcassonne-n (Frantzia) jaio zen. Matematikan eta fisikan graduatu ondoren École Normale Supérieure-n, 1970ean doktoregoa amaitu zuen Université Paris-Sud-en, eta bertan dihardu katedradun gisa 1976az geroztik. Gaur egun, Université Paris-Saclay-ko irakasle emeritua da. 1995ean Unité Mixte de Physique CNRS/Thales sortu zuten ikertzaileetako bat izan zen, Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) eta Thales Group-en arteko laborategi bateratua Paris-Saclay unibertsitatearen baitan.

Nobel Sariaz gain, Albert Fertek aitortza ugari jaso ditu: besteak beste, American Physical Society-k ematen duen International Prize for New Materials (1994), Japan Prize (2007) eta Fisikako Wolf Saria (2007). Frantziako Zientzien Akademiako kidea da eta Honoris Causa Doktorea mundu osoko dozena bat unibertsitatetan.

Erreferentzia interesgarriak

Autobiografia

Elkarrizketa UMN (YouTube, 16')

Elkarrizketa Universitat de Barcelona 06/11/2014

Elkarrizketa Physics World (YouTube, 8') 16/04/2012

Galdera-erantzunak (YouTube) 02/08/2011

Elkarrizketa El País 27/05/2009

Elkarrizketa Madri+d 26/05/2008

Podcast Scientific American (1') 09/10/2007

 

 

Informazioa pdf batean jeitsi


 

 

dipc

 

Eusko Jaurlaritza

 

Eureka

 

Telefonica

 
top@DIPC 2022 | Paseo Manuel de Lardizabal, 4. 20018 DONOSTIA/SAN SEBASTIÁN, Spain | info@topadipc.eu