María Martinón Torres

María Martinón Torres mediku eta paleoantropologo espainiarra Atapuercako ikertaldeko kidea da, 1998. urteaz geroztik, eta Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalaren (CENIEH) zuzendaria, 2017. urteaz geroztik. Hominidoen hortzeriari buruzko nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu du, eta Europako hominido zaharrenaren hortzak ikertu ditu.
Haren ikerlanetan, hominidoen paleobiologia, inplikazio taxonomikoak eta filogenetikoak dituen hortz aparatuaren eboluzioa, eboluzio egoerak eta paleopatologia aztertu ditu, gehienbat.
Atapuercan eta Dmanisi-n (Georgia), non Afrikatik kanpoko giza aztarna zaharrenak, 1,8 milioi urtekoak, aurkitu zituzten, aldi berean egindako lanen ondorio gisa, lehen europarraren jatorria Asia izan zela iradoki dute, eta ez Afrika. Txinan egin duen lanak Afrikatik kanpo gure espezieak izandako lehen hedapenaren kronologiari buruzko teoriak zalantzan jarri ditu.
Ibilbidea eta aintzatespenak
Medikuntza eta Kirurgia ikasi zuen Santiago de Compostelako Unibertsitatean, Lizentziaturako Sari Berezia eskuratuta eta han lortu zuen Galiziako Medikuntza eta Kirurgia Akademiaren saria ere. Unibertsitate berean eskuratu zuen doktoregoa, Medikuntzako eta Kirurgiako Doktorego Sari Berezia lortuta. Hominido fosilen hortzeriaren analisiari buruzko tesia egin zuen, eta batera zuzendu zuten Jose Maria Bermudez de Castrok, Atapuercako mendilerroko indusketen zuzendarikideak, eta Ángel Carracedok, Santiago de Compostelako Auzitegi Medikuntzako Institutuaren zuzendariak.
Antropologia Forentsean espezializatu zen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Giza Eboluzioan, Bristolgo Unibertsitatean. 1998an, Atapuercako ikertaldean sartu zen, eta 2007tik 2015era hominidoen hortzen antropologiari buruzko ikertaldearen arduraduna izan zen, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionalean (CENIEH). 2015. urteaz geroztik, Londresko Univesity Collegeren (UCL) Antropologia saileko irakaslea da. 2017ko abenduaren 11n, Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroaren (CENIEH) zuzendari kargua hartu zuen, eta 2018an, UCLko ohorezko irakasle izendatu zuten. Giza eboluzioari buruzko eskola magistralak eta uda ikastaroak ematen ditu, eta masterreko eta doktoregoko ikasleen lanak gainbegiratzen ditu Espainian eta atzerrian.
Hamar liburu edo liburuen kapitulu baino gehiago argitaratu ditu, giza eboluzioaren arloan, eta 90 artikulutik gora, nazioarteko aldizkari zientifikoetan. Thomson Reuters-ek bere arloan gehien aipatutako egileen Top % 1ean sartu zen haren lana. 2019. urteaz geroztik, Zientziarako Gadea Fundazioaren Aholku Batzorde Zientifikoko kide gonbidatua da. Antropologiako Errege Institutuak 2019ko Rivers Memorial domina ematea erabaki du, antropologiaren arloan egindako ekarpen bikainaren aitortza modura.
Erreferentzia interesgarriak
Centro Nacional de Investigación sobre la Evolución Humana, CENIEH
Elkarrizketa La Vanguardia 06/02/2022
Elkarrizketa BBVA OpenMind (YouTube, 1h) 04/11/2020
Elkarrizketa Jot Down 01/02/2020
Elkarrizketa El País (YouTube 3') 22/07/2019
Artikuloa BBVA OpenMind
Twitter @MMartinonT