Euskera
logo
Hasiera

María Vallet-Regí

María Vallet, biomedikuntzan aplikazioak dituzten material zeramiko mesoporotsuen arloan diharduen ikertzailea da; material horien aplikazio biomedikoak aurkitu zituena, bereziki hezurren birsorkuntzaren arloan eta farmakoen kontrolpeko liberazio sistemetan. Arlo horretan egindako ekarpen aitzindariei esker, Jaime I.a Erregearen Oinarrizko Ikerketan saria jaso zuen 2018an.

Biomaterial Adimendunen ikerketa taldea (GIBI), CIBER-BBN, gidatzen du Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, non hainbat estrategia ari diren garatzen hezurrei lotutako gaixotasunak sendatzeko, hala nola, minbizia, osteoporosia eta inplanteetan sortutako infekzioak. Minbiziaren kasuan, silizezko nanopartikulak erabiltzen ari dira farmakoak kaltetutako guneetara garraiatzeko eta modu kontrolatuan askatzeko; zelula kantzerigenoak hautematean, nanopartikulak aktibatu egiten dira kanpo estimuluen bidez, hala nola ultrasoinuak, eta zelula hiltzen duen farmakoa askatzen dute. Metodo selektibo horiek aukera ematen dute zelula gaiztoetan eragiteko, inguruko zelula osasuntsuak kaltetu gabe. Era berean, nanopartikulek infekzioak sendatzeko antibiotikoak garraiatu ditzakete, edo inplanteak sor daitezke 3Dko inprimagailuak erabilita, non hezurren ehuna birsortzeko gai izango diren zelula amak haz daitezkeen.

Ibilbidea eta aintzatespenak

María Vallet-Regí kanariarrak Kimika ikasi zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta bertan eskuratu zuen doktoregoa, 1974an. Gaur egun, Kimika Ez-organikoko irakasle emeritua da, eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsearen Farmazia Fakultateko Kimika Ez-organikoa eta Bioez-organikoa sailaren GIBI ikertaldeko zuzendaria.

700 artikulu zientifiko baino gehiagoren eta 13 patenteren egilea da, eta 53.000 aiputik gora ditu. Espainiako emakume zientzialarien zerrendan lehenengoa PLOS Biology-ren arabera, María Vallet-Regí Espainian bizi diren emakume ikertzaile garrantzitsuenen zerrendaburua da.

Unibertsitate Konplutentseko katedraduna da, eta Ingeniaritzako Errege Akademiako (RAI) eta Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko (RANF) kidea. Era berean, FBSEko (Fellow Biomaterials Science and Engineering) eta AIMBEko (American Institute for Medical and Biological Engineering) kidea da.

Estatuko eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu, horien artean: Ikerketako Sari Nazionala (2018), Jaume I.a saria oinarrizko ikerketan (2018), Societé Française de Chimie elkarteko sari franko-espainiarra (2000), RSEQ 2008 saria Kimika Ez-organikoan, ikerketako FEIQUE saria (2011), RSEQren urrezko domina (2011), IUPAC 2013 Distinguished Women in Chemistry/Chemical Engineering, Miguel Catalán ikerketa saria (2013), Lilly Distinguished Career Award in Chemistry (2016), eta Tatiana Pérez de Gúzman el Bueno Fundazioaren Fisika, Kimika eta Matematika Zientzien aitzindariei ematen zaien Julio Peláez saria. Unibertsitateko ikerketen eta hezkuntzaren merezimenduaren domina jaso du, urrezko kategorian eta 2021ean bere ibilbide zientifikoagatik Margarita Salas Sari sortu berria jaso zuen lehena izan zen. Honoris causa doktorea da ondoko unibertsitateetan: Euskal Herriko Unibertsitatea, Jaume I, Rovira y Virgili eta Murciako Unibertsitatea.

Gainera, Materialen Zientzia Elkarteen Europako Federazioaren (FEMS) urrezko domina eta Biomaterialen Europako Elkartearen (ESB) George Winter Award saria jaso dituen lehen emakumea da.

Erreferentzia interesgarriak

María Vallet-Regí UCM

Mujeres Científicas canal UNED (4') 12/04/2020

Elkarrizketa El Confidencial 01/01/2019

Elkarrizketa Fundación Jaime I (YouTube, 9') 31/08/2018

Elkarrizketa Mujeres con Ciencia 06/09/2017

GIBI taldearen ikerketa (vimeo, 13') 03/11/2016

VERDI, polyValent mEsopoRous nanosystem for bone DIseases (Youtube, 3')

Twitter @RegiVallet

 

 

Informazioa pdf batean jeitsi


 

 

dipc

 

Eusko Jaurlaritza

 

Eureka

 

Telefonica

 
top@DIPC 2022 | Paseo Manuel de Lardizabal, 4. 20018 DONOSTIA/SAN SEBASTIÁN, Spain | info@topadipc.eu