Klaus Von Klitzing - Materia Kondentsatuaren Fisika

"Oinarrizko ikerketak egungo neurketa sistema eraldatu dezake"
Klaus Von Klitzing fisikari alemanak Hall efektu kuantikoaren aurkikuntzagatik Fisikako Nobel Saria jaso zuen 1985ean.
Hall efektu kuantikoa
Korronte elektriko bat eroalea edo erdieroalea den material batetik doala eremu magnetiko bat aplikatzen badugu, indar magnetiko bat agertzen da, material horren barruan dauden elektroiak desbideratzen dituena. Fenomeno hau Edwin Erbert Hall fisikariak deskubritu zuen 1879an eta, hain zuzen, horregatik deritzo Hall efektua.
80ko hamarkadaren hasieran, Klaus Von Klitzing eta bere kolaboratzaileak ohartu ziren Hall efektuak portaera ezberdina zuela, zenbait kondiziotan. Hau da, eremu magnetiko handi bat aplikatuz gero eta zero absolutuaren inguruko tenperatura (-273) baxuetan, ikusi zuten Hall efektua ez zela eremuaren intentsitatearekin proportzionalki handitzen, baizik eta saltoka handitzen zen: Hall efektua kuantiko bihurtzen zen. Are gehiago, salto horien baloreak oinarrizko tentsio baten submultiploak ziren (1/5,1/4, 1/3, 1/2).
Aurkikuntza honek naturaren konstante aldaezinetan (h, e, KB, NA) oinarritua dagoen neurketa sistema baten etorrera eragin dezake. Neurketa sistema berri hau ziurrenik 2018an onartuko da eta Neurketa Sistema Internazionalaren lau unitate basikoen birmoldaketa eragingo du: kilogramo, amperio, kelvin eta mol.
Biografia
Klaus Von Klitzing 1943an jaio zen Schrodan (alemaniarrek okupatuta zuten Polonia, egun Polonia) eta fisika ikasi zuen Braunshweigeko Unibertsitate Teknikoan. Bere ikasketak Würzburgeko Unibertsitatean jarraitu zituen eta 1972an doktoretza bukatu zuen. Ondoren, irakasle lanetan hasi zen 1978. urtean. Egun, Klaus Von Klitzing fisikariak zuzendari bezala lan egiten du "Dimentsionalitate Baxuko Elektroien Sistemak" izeneko departamentuan, Egoera Solidoen Ikerketara bideratua dagoen Max Planck Institutuan.
Erreferentzia interesgarriak
Hall effect
Premio Nobel de Física 1985
Charla en Passion for Knowledge 2016: eng, eus, esp
Entrevista con Klaus Von Klitzing