Eskerrikasko guztioi!
Pasadan abenduaren 18an Donostia International Physics Center-ek (DIPC-k) bultzatuta, Euskampus, EHU/UPV-ko Nazioarteko Bikaintasun Kanpusaren testuinguruan, eta Naturgas Energia, eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin, top@DIPC Zientziarekin Solasean! topaketaren IV edizioa ospatu genuen.
Lehen aldiz topaketa Bilbon ospatu da eta 62 ikastetxeetako 300 ikasle eta irakasle inguru bildu ditu. Topaketaren balorazio positibo bat egiten dugu. Arrakasta handia izan da batez ere zuen, ikasleen, jarrera positibo eta parte-hartzaileari esker. Zuek zineten protagonista nagusiak.
Aurten, Sir Tim Hunt, Aaron Ciechanover eta Ginés Morata irakasleak izan ziren beste protagonistak. Beraien jakituria, ezagutza eta baita humorea ere eskeini digute. Bueltan, gazteri aktibo, parte-hartzaile eta jakin-minez beteta dagoenaren irudia eraman dute.
Antolatzaileok gure esker ona eman nahi dizuegu, ekitaldian parte-hartu eta lagundu duzuen guztioi. Bereziki, bokazio zientifikoak lantzen eta pizten laguntzen duzuenoi, irakasleei.
Gure esker beroenak, topaketaren anfitrioi izan zen UPV/EHU-ko Errektoreari. Eskerrak ere luzatu nahi dizkiegu, haien laguntzarekin aurtengo topaketa posible egin duten Naturgas Energiari, beti prest eskuzabaltasunez laguntzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailari eta Euskampus Fundazioari.
Mila esker guztio, ikasle, irakasle, eta Tim, Aaron eta Ginesi... hurruna arte!
Aurkezpena
Datorren abenduaren 18an, aurreko urteetan bezala, Donostia International Physics Center-rek (DIPC-k) top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketaren edizio berri batean parte hartzera gonbidatzen zaitu. Puntako ikertzaileen, eta bigarren hezkuntzako ikasleen arteko topaketa, aurtengoan lehen aldiz Bilbon ospatuko dena, EHUko Bizkaia Aretoan hain zuzen ere.
DIPC-k ezagutzarekiko grina pizten jarraitu nahi du, gaur egungo eta etorkizuneko herritarrengan. Horregatik, aurten ere komunikazio jardueren artean ez ditugu ahaztu nahi bereziki hezkuntza komunitateari begira antolatzen diren jarduerak, topaketen kasuan DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasle eta irakasleetan gauzatua.
2009. urtetik aurrera urtero antolatzen diren topaketa hauen helburu nagusia, zientzia eta teknologia ikasketetarako bokazioak bultzatzea da, ikasle gazteak ezagutzarekiko grinaz busti daitezen.
Laugarren edizioa izango den honek baditu zenbait nobedade, baina oro har aurreko urteetan egindako topaketen eredua jarraituko du, non ikasleek haien galderak eta zalantzak puntako ikerlariekin eztabaidatzeko aukera izan zuten. Biomedikuntza arloan internazionalki izen handiko hiru zientzialari izango dira aurten gurekin, Aaron Ciechanover (Kimikako Nobel Saria 2004), Sir Tim Hunt (Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria 2001) eta Ginés Morata (Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzea Saria 2007). Ikertzaile gonbidatuak, zientziarekiko eta ikerkuntzarekiko grinari buruz hitz egingo dute eta beren lanari eta esperientziari buruzko galderak erantzungo dizkiete ikasleei.
Topaketan parte hartzeko izen-emateak ikastetxeen bidez egingo dira, webgune honetan eskuragarri dagoen formularioa beteaz. Topaketan parte hartu ezin dutenentzat, ikastetxeetatik topaketa zuzenean jarraitzeko aukera ere eskainiko da streaming-en bidez, web honetan bertan.
top@DIPC - Zientziarekin solasean! ekitaldia Euskampus, Nazioarteko Bikaintasun Campusaren baitan antolatzen da, Naturgas-en laguntza eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerkuntza Sailaren, Garatu ekimenaren babesarekin.
Gonbidatuak
Haifan jaio zen, Israelen. Jerusalemgo Hebrew Unibertsitateko Medikuntza eskolan lortu zuen lizentziatura eta masterra. Technion - Israel Institute of Technology institutuan doktoratu 1981ean, eta egun bertako Ikerketako Irakasle Gailena da. Han, graduondoko ikaslea zela, Avram Hershko doktorearekin batera eta Filadelfiako (AEB) Fox Chase Cancer Center zentroko Irwin A. Rose doktorearekin lankidetzan, aurkikuntza hau egin zuen: ubikitina proteinaren lotura beste diana-proteina batekin proteina hura degradatzeko lehen seinalea da. Elkarrekin, degradazio mekanismo hori deszifratu zuten, eta aurkinkuntza honengatik 2004ean Kimikako Nobel Saria jaso zuten.
Inglaterran jaioa, Cambridgeko Unibertsitatean biologia ikasi zuen eta bertan doktoratu zen 1968an. Jada bere lehen ikerketetatik, hemoglobinarekin lanean, ohartu zen, sistema biologiko eredu sinpleekin lan egiteak zituen abantailetaz. 1982an, itsasoko trikuaren obuluekin lanean, ziklina delako proteina aurkitzen du. Proteina honek zelulen zikloaren erregulazioan funtsezko papera jokatzen duela erakutsi zuten gerora. Lan hauek direla eta, 2001ean Fisiologia eta Medikuntzako Nobel Saria irabazi zuen Leland H. Hartwell eta Sir Paul Nurse-rekin batera.
Biologian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Complutensean eta bertandoktoratu zen 1973an. Egun, Ikerkuntza Irakaslea da Consejo Superior de Investigaciones Científicas-eko (CSIC-eko) eta Madrilgo Unibertsitate Autonomako Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentruan. Zentru horretako zuzendari izan zen ere 1990-1991 urteetan. Morata irakaslea garapen genetikan aditua da, bereziki Drosophila melanogaster elbiaren egitura biologikoaren ikerkuntzan aditua. Elbi honen genetikaren ezagutzak, gizakiaren garapenaren biologia ezagutzeko balio du. Jaso dituen sari askoren artean aipatzekoa, 2007ko Ikerketa Zientifikoaren eta Teknikoaren Asturiasko Printzea Saria.
Pedro Miguel Etxenike da moderatzailea.
Programa
Ikasle eta irakasle parte hartzaileei harrera egin ostean, topaketa 10:30tan hasiko da, eta 3 bat orduko iraupena izango du, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia barne. Nahi dutenentzat, berehalako interpretazio zerbitzua eskainiko da.
Lehen zatia (ordu 1): Gonbidatutako ikerlarien aurkezpena: haien zientziarekiko grina, beren ibilbide pertsonala eta zientzialari gisa haiek izandako esperientzia.
Atsedena (ordu 1/2): kafea edo hamaiketakoa.
Bigarren zatia (ordu 1 1/2): Ikasleek galderak egingo dizkiete zientzialariei; galderak bertan zozketaz aukeratutako dira.
LEKUA: Mitxelena aretoa, EHUko Bizkaia Aretoa. Abandoibarra 3, Bilbo.
DATA: 2012ko abenduaren 18a, asteartea
ORDUTEGIA: 10:00etatik 13:30etara
Parte hartzeko baldintzak eta Izen-ematea
Parte har dezaketen ikastetxeak: Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak, gehienez 50 ikastetxe.
Parte-hartzaileak: Ikastetxe bakoitzetik irakasle bat eta lau ikasle joan daitezke. Gainontzeko ikasleek, ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izango dute webgune honen bidez.
Ikasleen ezaugarriak: 2012/13an DBHko 4. maila edo batxilergo zientifikoko bi mailetatik edozein egiten ari diren ikasleak eta ondorengo baldintzak betetzen dituztenak:
Ikastetxeek parte hartu ahal izateko bete beharreko baldintzak:
Urriaren 24tik azaroaren 13ra arteko epean, webgune honetan aurrez izena ematea. Onartutako ikastetxeek posta elektronikoaz jasoko dute parte-hartzearen baieztapena.
Ikastetxe bakoitzetik lau ikasleek har dezakete parte, ikasleak hainbat mailatakoak edo maila berekoak izan daitezkeelarik. Ikasleen izenak eta baita zientzialariei egin nahi dizkieten galderak ere, azaroaren 27a baino lehen adierazi beharko dira, baieztapen mezuan bidaliko diren argibideak jarraituz.
Azpimarratu behar da topaketa bakoitzean ikastetxe bakoitzetik gehienez bost pertsona sartuko direla, hau da, hautatutako lau ikasleak eta laguntzen dituen irakaslea.
Parte hartuko duten ikastetxeak aukeratzeko irizpideak: Parte-hartzaileen aukeraketa izen-ematearen ordena jarraituz egingo da, aurreikusitako edukia bete arte (250 pertsona = 50 ikastetxe).
Zalantzarik izanez gero, info@topadipc.eu posta elektroniko helbidearen bidez jar zaitezke gurekin harremanetan.
Izen-ematearen eskaera egiteko saka ezazu hemen.
Aurreko urteak