Euskera
logo

Eskerrikasko guztioi!

Astelehen honetan, urriaren 30ean, Donostia International Physics Center-ek (DIPCk) bultzatuta top@DIPC Zientziarekin Solasean! topaketaren IX. edizioa ospatu genuen.

Eureka! Zientzia Museoan 61 ikastetxeetako 310 ikasle eta irakasle inguru bildu zineten Albert Fert, Ángela Nieto eta Pilar Hernández irakasleekin solasaldian aritzeko. Topaketaren arrakasta batez ere zuen, ikasleon, jarrera positibo eta parte-hartzaileari esker izan zen. Zuek izan zineten protagonista nagusiak... gogoan izan Nietok esandakoa: "Gazteak garrantzitsuak zarete zientziaren katean"

Zorionak benetan denoi egindako galdera sorta interesgarriengatik, pena denbora gehiago ez izatea galdera gehiago egin ahal izateko!

Antolatzaileok gure esker ona eman nahi dizuegu ekitaldian parte-hartu eta lagundu duzuen guztioi. Bereziki, zuen zientziarekiko grina ikasleei transmititzen diezuenoi, eta topaketa hauetara urtero urtero etortzen zaretenoi, irakasleoi.

Eskerrak luzatu nahi dizkiegu ere haien laguntzarekin aurtengo topaketa posible egin duten erakundeei ere: Telefonica, Kutxa, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.

Topaketaren bideoa jada ikusgai dago dipc.tv helbidean eta argazkiak gure flickr-ean dituzue eskura.

Mila esker guztioi, ikasle, irakasle, eta Albert, Ángela eta Pilarri... hurrena arte!

 

 

Aurkezpena

Aurreko urteetan bezala, Donostia International Physics Center-rek (DIPCk) top@DIPC - Zientziarekin solasean! topaketaren edizio berri bat antolatu du. Nobel saridun zein puntako ikertzaileen, eta bigarren hezkuntzako ikasleen arteko topaketa honen IX. edizioa, 2017ko urriaren 30ean ospatuko da, Eureka! Zientzia Museoan, Donostian.

2009. urtez geroztik, DIPCk, urtero antolatzen dituen topaketa hauen helburu nagusia, Euskal Herriko DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean, ikasketa zientifiko eta teknologikoekiko bokazioak sustatzea da, eta aldi berean ikasle gazteen ezagutzarekiko grina piztea.

Topaketa hauen bederatzigarren edizioak aurreko urteetako topaketen eredua jarraituko du. Bertan, ikertzaile gonbidatuek, zientziarekiko eta ikerkuntzarekiko duten grinari buruz hitz egingo dute eta beren lanari eta esperientziei buruz ikasleek egindako galderei erantzungo diete. Aurten, internazionalki izen handiko hiru ikertzaile gonbidatu izanen ditugu gure artean, bi fisikari eta biologa bat: Alber Fert (Fisikako Nobel Saria 2007), Pilar Hernández (CERNeko ikerlaria) eta Angela Nieto (Jaime I. Erregearen Saria Oinarrizko Ikerkuntzarako 2009 eta Generalitat Valencianaren Meritu Zientifikoko Saria 2015).

top@DIPC - Zientziarekin solasean! ekitaldia, Euskampus, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Nazioarteko Bikaintasun Campusaren baitan antolatzen da, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesarekin. Kutxa Gizarte Ekintzako Eureka! Zientzia Museoak ere laguntzen du eta Telefónica-ren laguntza eta parte-hartze berezia jasotzen du.

 

Telefónica saria galderarik...

Edizio honetan ere, DIPCren patronoa den Telefónica-ren eskutik galderarik berritzaileena, burutsuena, interesgarriena, argiena, irudimentsuena, txundigarriena edo originalena sarituko da.

Sari honek, topaketan parte hartuko duten ikasleentzat ahalik eta galdera diferenteenak bidaltzeko aparteko motibazioa izatea du helburu, era horretara topaketa bera aberastea lortuz. Jakin-mina piztuko duten erantzunak emango dituzten galderak nahi ditugu, bokazio zientifikoak sustatzearren galdera interesgarriak erantzun interesgarriak jasotzeko.

Telefónica-k aukeratuko ditu zeintzuk izango diren galdera sarituak, kasu bakoitzean zergatik irabazi duten nabarmenduz.

 

Izen-ematea

Topaketan parte hartzeko izen-ematea ikastetxeen bidez egingo da, webgune honetan azalduta dauden parte-hartze arauak jarraituz eta bertan eskuragarri dagoen galdetegia beteaz.

 

Gonbidatuak

Albert Fert

Matematika eta fisikako ikasketak egin ondoren Parisko Ecole Normale Supérieur-en, Albert Fert, fisikan doktoratu zen Paris Sud Unibertsitatean 1970ean; hain zuzen ere, azken unibertsitate horretako irakaslea izan da 1976tik. 1988an, Albert Fertek eta aldi berean, Peter Grünbergek ere era independentean magnetoerresistentzia erraldoia aurkitu zuten. Aurkikuntza hori dela eta biek 2007ko Fisikako Nobel saria partekatu zuten. + info

Pilar Hernández

Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta bertan burutu zuen tesia 1993an doktoretza lortu zuelarik. Jarraian, Harvardeko Unibertsitatera joan zen Harvard Society of Fellowseko Junior Fellow bezala; beka hori lortzen lehenengo emakume espainiarra izan zelarik. CERNeko dibisio teorikoan egin du lan, eta egun Universitat de Valènciako katedraduna da. Oinarrizko partikuletan aditua, Pilar Hernández aitzindaria izan da kromo-dinamika kuantikoan dauden simetrien hausturak aztertzeko metodo berriak erabiltzen, eta baita neutrino eta antineutrinoen arteko oszilazioak neurtzeko proposamen berritzaileak egiten. + info

Angela Nieto

Biokimika eta biologia molekularra ikasi zituen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta bertan doktoratu zen 1987an. Alicanteko Instituto de Neurociencias (CSIC-UMH) ikerketa zentroan egiten du lan, non, zelulen mugimenduen mekanismoak aztertzen dituen ikerketa talde baten buru den. Nabarmenak dira oso Angela Nietoren ekarpenak enbrioi garaian organoen eraketa baldintzatzen duten gene eta mekanismoak identifikatzen, eta sari eta aipamen ugari ekarri dizkiote bere lanek; besteak beste, Jaime I. Erregearen Saria Oinarrizko Ikerkuntzarako eta Generalitat Valencianaren Meritu Zientifikoko sariak.

Pedro Miguel Etxenike egingo ditu moderatzaile lanak. + info

 

Programa

Ikasle eta irakasle parte hartzaileei harrera egin ostean, topaketa 10:30tan hasiko da, eta 3 bat orduko iraupena izango du, hamaiketakoa egiteko atsedenaldia barne.

Lehen zatia (ordu 1): Gonbidatutako ikerlarien aurkezpena: haien zientziarekiko grina, beren ibilbide pertsonala eta zientzialari gisa haiek izandako esperientziak.

Atsedena (ordu 1/2): kafea edo hamaiketakoa.

Bigarren zatia (ordu 1 eta 1/2): Ikasleek galderak egingo dizkiete zientzialariei; galderak zozketaz aukeratuko dira han bertan.

LEKUA: Eureka! Zientzia Museoa, Donostia.

DATA: 2017ko urriaren 30a, astelehena

ORDUTEGIA: 10:00etatik 13:30etara

Nahi dutenentzat, berehalako interpretazio zerbitzua eskainiko da.

Topaketan parte hartu ezin dutenentzat, ikastetxeetatik bertatik topaketa zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da streaming-en bidez, web honetan bertan jarriko den esteka erabiliz.

 

Aurreko urteetako edizioak

 

Aurreko edizioetako bideo guztiak ikusgai daude dipc.tv atarian.

 

 

 

 

 

dipc

 

Euskampus

 

Eusko Jaurlaritza

 

Eureka

 

Telefonica

 
top@DIPC 2017 | Paseo Manuel de Lardizabal, 4. 20018 DONOSTIA/SAN SEBASTIÁN, Spain | info@topadipc.eu